14 dic 2013

MANOLO ETA MUSIKA ESKOLAKO KONTUAK


Nire haurtzaroa Musika-eskolarekin lotuta dago. Ikastolatik irten, bokadilloa hartu eta musika-eskolara joaten ginen arratsalde-pasa. Bokadilloa jaten ari ginen bitartean txirula jotzen genuen, Biri Birirekin jolasten genuen, tailer edo biltegi handi hartako egur zati luuuuze artean tximilikuarteka jolasten genuen, dantza egiten ere ikasi genuen, txistua jotzen, eskusoinua… Dena eskura zegoen musika-eskolan: lagunak, jolasa, musika… Halako batean zortziak zirela konturatu eta etxera ere joan behar genuen nonbait eta.. nik ez dakit nola manejatzen zituen Manolok hainbeste ume bulloso. Argi dago laguntzaileak ere bazituela eta Kontxi horietako bat izan da.

Nik Kontxi grabazioetan ezagutu nuen. Xirula Mirula taldekoak ginen. Grabazioak egiten ere nola hasi ginen ez dut gogoan. Arbelean abestiak idatzita ikusten genituen, pentagramak eta notekin batera, Manolok kantatu egiten zizkigun eta guk entzunaren poderioz ikasi egiten genituen, solfeo irakurtzen ere ez genekielako. Ipuin-kontaketak ere egiten genituen. Irratsaio bat ematen zuten larunbat arratsaldetan, oraindik gogoan dut, “xirula mirula kantari txin txin txiribitxin” abestiarekin ematen zioten hasiera. Han entzuten ziren guk Txerrikaleko musika eskolan grabatutako ipuinak. Bat dut gogoan bereziki: Kokles txakurrarena. Kokles txakur gizarajoa, jabeak errekara bota zuen ezin zuelako mantendu. Gau haizetsu eta euritsua zen eta haizete batek txapela ere burutik kendu zion txakurrarekin batera errekara eroriz. Gau hartan bertan, etxeko atarian hotsak entzun zituen jabeak eta goizean hantxe ikusi zuen atarian, Kokles txakurra, busti-busti eginda, bere txapela ahoan zekarrela. Hantxe, etxeko atarian hilda zegoen Kokles. Nik uste dut ipuin harekin negar egin nuela.

Badut beste anekdota bat ipuinen inguruan. Nik Manolorekin ezagutu nituen Euskal Herriko mitologia eta hainbat istorio, lamiak, Txerren, sorginak… Ipuin batean Galtzagorri gurtzen azaltzen ziren sorgin eta azti batzuk eta haietako bat Sarasua zen. Guztiok batera oihukatu behar genuen “Galtzagorri, Galtzagorri, gure jaun eta errege”, baina Sarasua erremerrea zen eta hantxe ikusten nauzue ni belarria adi jarrita Sarasuaren erreak entzuten. Lan roverra abestia gerora asmatuko zuen Manolok erremerrea zuen beste haur batengatik.

Nik ez dakit zenbat orduz egiten genituen grabazio haiek. Baina zenbat aldiz joan ote ginen bazkalondoren musika-eskolara, ipuinen bat grabatu eta korrika, berandutu baino lehen, berriz ere ikastolara, Txerrikaletik San Pelaiora, atajoa deitzen genion bidexkatik.

Gogoan dut baita ere grabazioetan erabiltzen genuen aparatu tzar hura. Bi pletina handi eta zinta, batetik bestera nola pasatzen zen. Gelditzerakoan KLAN egiten zuen eta martxan jartzeko eta hots ikaragarria egiten zuen. Bueno igual esajeratua da baina nik hori gogoratzen dut. Mikrofonoaren aurrean jarri, grabagailu handi hari begiratu martxan noiz hazten zen ikusi eta entzuteko, eta Manolok edo Kontxik eskuz “hasi” esaten zigutenean heltzen genion kontaketari edo kantatzeari.

Nahiko meritu bazuen Manolok. Ze musika-eskolarekin nahikoa ez eta haur guztiak hartuta hantxe eramaten gintuen Bartzelonara, edo Pirinioetara kanpinean... joan egin behar da haur mukizu talde handi bat hartu eta Pirinioetara, mendian, akanpada librean lo egitera... Gu zoriontsu, sua piztu eta suaren inguruan kantari, pelikuletan bezala.

 Goiatzera ere joaten ginen, nola ez. Gogoan dut uda batean 15 egunez joan ginela grabazio-taldea Goiatzera lan bat egitera. Goiz eta arratsaldez kantatzen eta ipuin kontatzen egon ginen, Goiatzeko jangela handi hartan moldatutako grabazio-gela kurioso hartan. Eta gero ez dakit zer gertatu zen baina han egindako lan guztia errepikatu egin behar izan genuen bueltan, ez dakit ze arazogatik baina han egindakoak ez zuen balio izan. Pentsatzen dut ze amorrazio sentituko zuten Manolok eta Kontxik, 15 egun ume talde batekin Mikelandegik “kontzentratuta” egon ondoren lan guztia errepikatu behar zutela jakin zutenean.

Badirudi lan asko egiten genuela, baina nire oroimenean jolasa, kantua eta une goxoak gelditu dira. Bera agian ez da nirekin gogoratuko, ume asko ezagutu eta hezi eta ikusi baititu, asko, baina nik anekdota eta istorio asko ditut nire memorian gordeta, goxo-goxo eta ez zaizkit berehala ahaztuko. Mila esker Manolo.

                                                                                                            Amaia Mendoza

RAKEL MAKAZAGAK MANOLORI

Manolo, guretzat beti Manolo izango da, ikastolan maisu izan genuen.  Beste  andereño eta maixuek bezala, gure haurtzaroa goxatu zuen, baina bazuen berezitasun bat: musikaren bidez irakasten zigun geografía. Guretzat hori normala zen, bera musikaria zen eta denerako  erabiltzen zuen musika,  horrelakoa zen ikastola.  Gerora konturatu ginen hori ez zela batere “normala”. Handitu ginenean eta han eta hemen kontatzen genuenean guk geografía abestiekin ikasten genuela, jendea harrituta geratzen zen, eta are  gehiago umetako abesti haiek kantatzen hasten ginenean, urteak pasa arren,  ia osorik gogoratzen genituen eta. Gainera, Geografiarekin batera, herri bakoitzeko musika eta historia ere ikasten genituen:

“Veneziako ubidean, Adriatiko aldean, kanta bat entzun genuen gondola baten gainean”

“Polonia zoritxarrez betea, noiznahi libre, noiznahi menperatua, Rusia batetik, Doitxtarrak bestetik, beti zabiltz askatasun egarri”

“Londres, Plimunt eta Sutanton, Portmu , Liberpool, Cambritxta Glasgow, fama  handiko portuak dira, ontziak bertan egiten dira. Tamesisko estropak, Oxford taCambritx honenak, Orion ezagunak, gertu ikusi ditugunak”

“Parisera goaz, Senan ibiltzera, hango modaz eta historiazfrantzesen artean mintzatzera…. Alpesetan Mont Blanc, mendietan lehena Bosgos, Jura taPirineoak eta Mazizo Central”

“Asiako ibaiak HuangotaMekong, iparrera doazenak Obi, Jenisei Lena”

“Nilo, Kongo, Niger, Senegal, Zanbeze, Orange taLipopo”

“Behin iritsi nintzen Ipar Afrikara, gameluan zebilen moro bat Saharan. Basamortuan lehen ilunarrean, ahozpez ondar gainean hasi zen batean: Ala, Mahoma, Mohamen Mahoma, abdula, abdula, kabala Meka”

“Txi, txi, txi, Txina Kapital Pekin, Fili-FilipinasciudadMekong, Indian Nueva Delhi, Israel capital Jerusalen, Japon kapital Tokia, Libanon Beirut, JordanianHaman, Tailandian Bangok”

“Mississipi, Yukon, Makenzie, Ereison, Huron, Ontario, Mitxigan, Eire, Winiper, Superior. Mendietan Makinlei, Rocosas, Apalatxe, Kolorao”.

Ikastolako umeekdiskak ere grabatu genituen Manolorekin. Gogoratzen dut nola elkartzen ginen haur pila bat eta bera nola egoten zen organoaren aurrean. Lehenengo ensaiatu eta probatu, eta azkenean grabatu egiten genuen. Baliabide teknikoak oso politak ziren: gutako bat ateaz arduratzen zen, “ez utzi inori sartzen, eutsi eskuarekin fuerte”. Baina, jakina, hainbeste ume zebilen Pilartxo Enea hartan zaila zen inor ez sartzea, “ Joe, ez naiz konturatu eta ireki egin dute”. Han ikasi genuen elkarrekin lan egiten, bakoitzak bere taldeko lana ahalik eta ondoen egiten, isilik egon behar zenean isilik egoten, musika egiten eta gozatzen.

Eta gogoan dut Goiatzeko Mikelandegin grabazioa egiten ari ginen egun hartakoa: denbora luzea generaman grabatzen, gu umeak ginen eta guretzat berria zen hura dena, nekatu egiten ginen, eta ni oso nekatuta nengoen. Abesti batekin ari ginen eta ez zen Manolok nahi zuen bezala ateratzen, hiru aldiz grabatu genuen, baina hobeto egitea nahi zuen. Konturatu egin zen ni nola nengoen, eta goxo-goxo esan zidan azken saioa egingo genuela eta berak lagunduko zidala, ondo aterako zela. Abestia, azkenean, biok grabatu genuen, eta niri betirako geratu zitzaidan buruan momentu magiko hura. 

7 dic 2013

BESTE OMENALDI BAT

Imanol Urbietak beste omenaldi bat jaso du. Oraingoan Zarauzko Udalak antolatutakoa.
"Bakarrik eta libre" izeneko diskoa argitaratu du Elkar diskoetxearekin batera. Bertan Imanolen 13 kanta eta Andoni Egañak "Zazpikoloroa" diskorako "Manolo" izenarekin prestatu zuena.
Azaroaren 26an egin zen jendaurreko aurkezpena Zarauzko Modelo zineman Imanol bertan zelarik.

Hona hemen kantu-zerrenda parte hartzaileekin:
"Bakarrik eta libre". Eñaut Elorrieta.
"Uztaiak gora". Petti.
"Txiki, txiki, txikia!. Split 77 eta Aiora Renteria.
"Astoa ikusi nuen". Joseba Irazoki.
"Behin betiko". Pariak bai.
"Haizearen herrira". Su ta Gar.
"Gitarra bat". Anari eta Ningininginiak.
"Kalera, kalera". Fermin Muguruza.
"Mac Mikel". Mursego.
"Kalaberak". Matxura.
"Txoria nintzela". Lou Topet.
"18 Serore". Audience.
"Jon Braun". Makala Jazz Funk Band.
"Manolo". Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Andoni Egaña.
Koordinatzailea: Mikel Kazalis.
Azalaren egilea: Jose Luis Zumeta,
Argitaratzailea: Elkar eta Zarauzko Udala

Ondorengo helbidean ikusi ahal izango duzue aurkezpenerako Hodei Esteban zarauztarrak egin duen bideoa.

 
Jarraituko dut omenaldi honen inguruko kontuak idazten. Eta badakizue, zuek ere zerbait esan nahi baduzu, idatzi lasai.

26 feb 2012

TXIKI, TXIKI, TXIKIA

Imanol Urbietaren Txiki, txiki, txikia abestiaren bertsio berezi hau entzuna nuen, baina lagun batek bidali dit link hau blog honetan sartzen denak entzun dezan.

Gustura jasoko ditut zuen iritziak.


http://www.youtube.com/watch?v=iOaqPNtlUQk&feature=email

15 ene 2012

MANOLO

Lehengo batean esan nuen hona ekarriko nuela Andoni Egañak Manolori egindako kantuaren letra eta, "Zazpikoloroan", omenaldi gisara grabatu dutena. Seguruenik aurretik blog honetan sartuta dagoen bideoa ikusi duzue, baina hala ere, bertsoa hemen jartzeko modukoa dela uste dut.

Gizon bat hurbildu zen gitarraz, kastolan geundela.
Ikasgela mundu egin zigun, mundua ikasgela.
Begiak goxo jartzen zituen gure aurpegietan
arpegioak ipuinak ziren gure haur begietan


Zenbat kantu atsegin barren-barreneko poz eta min.
Hura kanpora zedin, ginenak ginen gitarra batekin.
Sorgingu egin ginduen eta pixkana gu ere bihurtu sorgin,
Manolorekin.


Ikastola sarreran maiz kantu bat zain geneukan arreran,
korroan, ez ileran, gure kabuz han hasi ginen hegan.
Habia eta abiapuntua baina han daude itzuleran,
Manolorengan.

Zenbat abesti egin duizkigun maitasunez ta ezti.
Orain itzuli nahi genioke maitasuna abesti.

Esaldi batzuk azpimarratu nahi nituen. Izan ere, orduan nioen bezala, bertso hauetan Imanol Urbietaren pedagogia guztia ikusten dut islatuta. Baina ezin dut esaldirik aukeratu. Dena da azpimarragarria nire ustez.
Ikasgela mundu egin zigun, mundua ikasgela: Haurraren interesari guztizko garrantzia eman eta kanpokoa garrantzitsua egin haurrarentzat.
Begiak goxo jartzen zituen gure aurpegietan: Irakasleren begiradak duen garrantzia haurrengan. Zenbat esaten dugun gure begiradarekin, onerako eta txarrerako.
Barren-barreneko poz eta min, hura kanpora zedin... : Ikasleen barren-barreneko sentimentu eta emozioei hitza jartzen jakitea eta hitz horiekin haurra identifikatuta sentitzea. "Honek ulertzen du niri gertatzen zaidana".
Sorgindu egin ginduen eta gu ere bihurtu sorgin: Benetako komunikazioaren indarra.
Ikastola sarreran, korroan, ez ileran: Korroak elkar ikusteko aukera ematen digu. Gutako bakoitza nola dagoen jakiteko aukera eskaintzen du korroak, gardentasuna. Komunikatzen hasteko beharrezkoa. Elkar ikusi, begiak parez pare.
Orain itzuli nahi genioke maitasuna abesti: Esker onekoak agertzen bagara gure ikasleen aurrean, ez izan zalantzarik, halkoak izango dira beraiek ere.

Hauexek gaurko nire hausnarketatxoak.


Zuk ere, irakurle, zerbait esan nahi baduzu, baduzu aukera komentario bat hemen behean idazteko edo blogaren eskuinaldean agertzen den helbide elektronikora idazteko. Nik txertatuko dut blogean.





6 ene 2012

XIRULA MIRULA "metodoa"








Garai haietan, 1975 inguruan, musikak ez zuen inolako lekurik gure eskola eta ikastoletan. Bueno, kantatu, kantatu egiten zen baina ez zegoen eskoletan musika irakasteko "metodorik". Imanol Urbietak, Manolok, garai haietarako martxan jarrita zuen Zarauzko musika eskola, batzuentzat "akademia". Izan ere, akademian orotarik ikasten da eta "txerrikaleko" musika eskolan denetik ikasten omen zen. Baina musikara itzuliz, erritmoa, solfeoa, xirula, txistua, gitarra eta abar ikas zitezkeen bertan. Guztia euskaraz, noski. 500 ikasle eta 30 irakasle izatera iritxi zen musika eskola hura.
Sortzen zituen kantuak pilatuz joan zen, pentsatu gabe inoiz kiburu batean agertuko zirekin. Eta behin bilera batera deitu zuten. Oker ez banago Euskadiko Kutxako kultura arduraduna tartean zen, baita Lutxi Mazisidor zumaiarra ere. Euskal kulturaz eta euskararen egoeraz kezkaturik zeuden nonbait. Eta hau galdetu omen zien Imanoli: "Zer egin behar dugu gure haurrek "La Ramona" ez abesteko?" Eta Imanolen erantzuna: "Nire umeek ez dute kanta hori ezagutzen. Nire umeek hauek kantatzen dituzte". Eta mahai gainean jari zituen musika eskolako kantuak.


Material guztia txukundu eta liburu batean bildu zen, eta lau kasetetan grabatu bertako materiak guztia: kantu, ipuin, errirmo ariketa, musika hizkuntza eta xirula jotzen ikasteko hainbat kantu. Haurrekin eta haurrentzat egindako metodoa.


Orokorrean oso ondo hartua izan zen materiala gure ikastoletan eta pixkanaka, hainbat ikastaro ematen hasi zen Imanol irakasleek musika egin ahal izateko prestatzeko.


Normala den bezala, ez zen mundu guztiaren gustukoa izan. Baina Imanolek beti esan zuen bere inguruko umeekin egindakoa zela, bere ikasleentzat. Bertan agertzen diren ipuinak garai hartan Zarauzko haurren testuinguruan sortuak zirela. Bere lana ez dela dagoen horretan aplikatu behar. Irakasle bakoitzak moldatu behar duela bere ingurura, aurrean dituen ikasle horien testuingurura egokitu behar duela. Azken batean, Xirula Mirula eta Xixupika 1-2-3 lanak ez dira itxiak. Alderantziz. Material horiek eskuratzen dituenak ikusi ditzala patxadaz, aztertu, komeni zaiona erabili eta gainerantzekoa moldatu edo berria asmatu dezala. Imanolek argitaratu dituen "metodoek", nolabait deitzearren, lan egiteko estilo bat proposatzen dute.



Estilo hori oso ondo agertzen da "Imanol Urbieta, nire ibilbide pedagogikoa" izeneko liburuan. Elkar, 2009. Eta ez ahaztu: abiapuntu eta helburu HAURRA bera da. Musika haurraren heziketa integralean lagundu dezaken baliabide edo bitarteko bat besterik ez da.







ESKERRIK ASKO MANOLO